miércoles, 16 de marzo de 2016

TXOKOETAN ANTOLATUTAKO METODOLOGIA

Arratsaldeon neska mutilak! Gaurkoan martxoaren 14ean klasean hitz eginikioari buruz idatziko dizuet. Bertan txokoei buruz hitz egin genuen eta bakoitzak bere ideia, esperientzi eta galderak guztiekin konpartitu genituen. Orain dela aste batzuk taldeka eskoletara bisitak egin genituen bertako klaseak nolakoak diren jakiteko, eta bertan txokoak ikusi genituen, honela klasean hitz egindakoari buruz ideia "praktiko" bat izateko.

Txokoetan Antolatutako Metodologiak, izenak dioen bezala, txokoetan lan egitera bultzatzen ditu haurrak. Haur eskoletan txoko ezberdin ugari topa ditzazkegu, besteak beste; eraikin txokoa, matematika txokoa, ipuinen txokoa, plastika txokoa... Metodologia honetan haurrak denbora ezberdina pasatzen dute txoko ezberdinetan. 

Txoko ezberdinetan bakoitzean ere irakasleak paper ezberdina joka dezake. Batzuetan inplikazio handiagoa izango du haurrekin, beraien jakin mina pizteko edo, eta besteetan aldiz, haurrek askatasun gehiago izango dute nahi dutena egin eta beraien imajinazioa garatzeko. Irakasleari buruz ere esan dezakegu, haurrak behatzeko lana ere baduela, hau da, haur bat egunero txoko berdinera joaten bada, beste txoko batera gonbidatu beharko luke txoko horrekiko interesa eta garrantzia azpimarratuz adibidez. Txoko bakoitzari dagokion denbora ere eskola bakoitzak arautu dezake. Eskola batzuetan txoko bakoitzean haurrek denbora berdina igarotzen dute, eta beste eskola batzueta aldiz, ikasleen interesen arabera aldatzen dituzte txokoak.

Txokoak antolatzeko era ezberdinak daude eta eskola bakoitzak bere metodologia izan ohi du. Klasean bakoitzaren esprientzitatik adibide ugari atera genituen. Lehenengo adibide gisa, klase bakoitza txoko ezberdin bat zela ikusi genuen, hau da, eskolako gela bakoitzak material eta egiteko gauza ezberdinak dituela. Bigarrenik, gela bakoitzean txoko ezberdin ugari egotearen ideia atera zen, hau da,  lau edo bost txoko desberdinetan banatzen zen ikasgelako antolakuntza. 

Amaitzeko, Txokoetan Antolatutako Metodologiarekin guztiz bat natorrela azpimarratu nahi du. Nire ustez, haurrek beraien gaitasun, askatasun, galdera eta interesen arabera ideia ugari ikas ditzazkete. Irakaslearen inplikazio maila ezberdinek ere haurren autonomia lantzen laguntzen dute eta hori ere guztiz egokia iruditzen zait. 





sábado, 12 de marzo de 2016

DIZIPLINA ARTEKO PROIEKTUETAN OINARRITUTAKO METODOLOGIA

Arratsaldeon denoi! Gaurkoan martxoarean 7an klasean landutakoari buruz hitz egingo dizuet. Bertan denon artean hainbat ideiei, proiektuei eta gure zalantzei buruz hitz egin genuen, hainbat ondorioetara iritsiz. 

Gaia lantzeko irakasleak hainbat adibide jarri zizkigun, besteak beste: haurrak beraien egutegi propio bat sortzea eta futbolaren inguruan hitz egitea hiztegi bat sortuz; bi adibide hauen helburu nagusia ikaskuntza esanguratsu eta globalizatua izatea delarik.

Egutegiaren adibideari eutsiz, ikasgelan haurren jakintzak abiapunu izanik beraien egutegi propioa sortu eta etxera eramateko prestatzen aritu ziren. Bertan beraien hasierako helburuetako bat erabilgarria eta denek ulertzeko modukoa izatea zen, eta hortik abiatu ziren. Zenbakiak beltzez eta jaiegunak gorriz, hilabeteen izenak gelako pertsonen nazionalitate guztiak kontuan hartuz... Honela, dibertsitatea errespetatu eta zeharka hainbat gauza ikasiz joan ziren haurrak. 

Bigarren adibidean, haurren interesa futbola zela ikusiz, irakasleak horren inguruan hiztegi bat sortzeaen ideia izan zuen, eta horrela egin zuten. Ikasleak futbolaren inguruan zekitenari buruz hitz egiten hasi ziren eta horrela hainbat hitz atera ziren hiztegian jartzeko eta  hitz batzuk inglesetik zetozela ohartu ziren. Horrela, zeharka hainbat ikaskuntza egin zituztela esan dezakegu, inglesa eta matematika besteak beste.
  
Proiektu hauek oso baliotsuak izan ziren haurren ikaskuntzarako. Bertan, irakaslea zen jakituria sustatzen zuena, baina, ez zuen esku-hartze handia izaten, hau da, gidaria zen soilik. Behatzailearen papela ere bazuen, esate baterako, haurren interesak zein ziren ohartzea eta prozesua baloratzea. 

Honekin batera, esan dezakegu familien parte hartzea ere bultzatzea lortu zutela, jakin badakigu eta oso garrantzitsua dela, batez ere Haur Hezkuntzan, eskolek gurasoekiko duten harremana handia izatea. Adibide gisa jar dezakegu, egutegiaren hilabeteak nazionalitate ezberdinekoek etxetik ekarri zituztela papel batean gurasoek idatzita. 

Amaitzeko, proiektu hauek oso interesgarriak iruditu zitzaizkidala azpimarratu nahi dut. Ikasleen motibazioa sustatzen dutela eta ikasteko gogoa sustatu. Haurren interesak abiapuntu izateak onura izugarriak ekar ditzake eta aipatutako bi apuntuak har ditzazkegu adibide garbi gisa. Metodologia honen abantaila anitzak ikusiz, egokia iruditzen zait martxan jartzea horrelako proiektuak.


jueves, 10 de marzo de 2016

GLOBALIZAZIOA ETA IKASKUNTZA ESANGURATSUAK

Arratsaldeon guztioi! Gaurkoan otsailak 26an klasean egin genituen aurkezpenei buruz hitz egingo dizuegu, gai nagusiak Globalizazioa eta Ikaskuntza Esangurtsuak direlarik. Horretarako talde desberdinetan antolatu ginen, bakoitzak gai bat jorratuz.


Gure taldeari, kolorebixiri, Globalizazioari buruz hitz egitea tokatu zitzaigun eta horretarako power point bat osatu genuen. Hona hemen gure lanaren laburpentxo bat:


GLOBALIZAZIOA
Globalizazioa hezkuntzan haurrei trasmititzen zaizkien edukiak errealitaterako erabilgarriak izan daitezen metodo espezifiko batzuk erabiltzea izango litzateke.


Globalizazioaren barruan, hiru ikasketa metodo aurki genitzake: interesgunea, proiektua eta ingurugiroaren ikerketa.


Interesguneak azaltzeko frutak ezagutzearen adibidea erabili genuen gure aurkezpenean. Esan beharra dago hiru fasetan banatzen dela metodologia hau. Lehenengoa helburuak kontuan hartzea da. Bigarrenik, haurrak nola motibatu eta lekua nola girotu aztertzea izango litzateke. Lekua antolatzea eta girotzea garrantzitsua da, adin horretako haurrek leku ezagunak eta zabalak behar dituzte. Jarduerak ikasgelan edo eskolako beste hainbat lekutan egin daitezke.Azkenik, aldez aurretik zenbait jarduera prestatuta edukitzea komeni da, esaterako: fruten zuzeneko azterketa, zeharkako azterketa eta esperimentatzea. Bukatzeko, esan genezake, metodologia hau, hemezortzi hilabeteko haurrekin burutzen has gaitezkela.


Proiektuak azaltzeko baratza bat egitea proposatu genuen. Hau burutu ahal izateko, lau pausu bete beharko ditugu. Lehenik eta behin, proiektua burutzeko gure asmoa zein den jakitea izango zen. Ondoren, prestakuntzarekin hasi beharko ginateke. Gero, proiektua burutzen hasiko gara. Eta azkenik, aurrera eraman dugun proiektuaren ebaluazioa egin beharko genuke.


Ingurugiroaren ikerketa deritzon proiektuaren helburua ikasleen intereseko gaien inguruan arazoak eta galderak planteatzea eta irtenbidea ematea da eurek egindako ikerketaren bidez. Ikerketaren faseak motibazioa, galderen planteamendua, hipotesiak, informazio iturriak ezartzea, informazioa bilatzea, datuak aukeratu eta antolatzea, ondorioak ateratzea, generalizazioa eta ondorioen adierazpena eta komunikazioa dira.


Aipaturiko metodo hauek helburu jakin batzuk dituzte, eta nagusiak hauek lirateke:


  • Hezkuntza bizitzarako eta bizitzatik izatea
  • Ikasteak baliogarriak izatea
  • Etorkizuneko hiritarrak heztea


Metodo globalizatzaile hauek, oro har, hainbat ezaugarri komun dauzkate, eta guk klasean modu dinamiko batetan azaldu genituen, hainbat kartel arbelean itsatsiaz euren garrantziaren arabera mailaketa bat eginez.


Ezaugarri nagusiak aipatuko ditugu jarraian.


  1. Ikasitakoaren eta ikasitako kontzeptu berrien arteko harremanak ezartzea
  2. Ikasitakoa esanguratsua eta erabilgarria izatea.
  3. Burua erabiltzea.
  4. Denbora antolatzea
  5. Jarrera positiboa izatea
  6. Asteko denbora antolatzea
  7. Aniztasuna tratatzea
  8. Ebaluaketa
  9. Metodo eta ikuspegi globalizatzaileak


IKASKUNTZA ESANGURATSUAK


Honi buruz hitz egiterako orduan, Ausubel eta bere ideiei buruz jardungo dugu.  Ausubelen ustez, ikasleek ezagutza berriak jaso eta jada badituzten ezagutzekin konparatzen dituzte, honela, jakintza horiek egonkortu edo aldatzeko.
Bertan bi ikaskuntza mota bereiz ditzakegu:   ikaskuntza esanguratsu superordenatua da, hau da, ikasleek ezagutza zaharrak beharrezkoak dituztenean berriak barneratzeko.  Bestea aldiz, subordinatua, hau da, ezagutza zahar eta berriak elkartzea ideia berri batzuk sortzeko.
Antolakuntza eta erabilerari buruz, ikaskuntza hauek egunerokotasun batean erabili eta bizi osoan zehar ikasi behar direla.  Honela, ezagutza hauek edozein momentutan berreskuratu ahal izateko.
Hau guztia bete ahal izateko, bi baldintza bete behar dira: ikasketarako materiala esanguratxua izatea eta ikasleak ikasteko jarrera izatea. Guzti honek egitura kognitiboarekin zerikusia duela azpimarratu beharra dago.
Ausubelek Ikaskuntza Esanguratsua lantzeko hainbat era azaltzen ditu, besteak beste:
-Subordinatu era: ikasleak lehen mailako ezagutza duenean, irakasleak bigarren mailakoa irakastea.
-Superordenatu era: subordinatuaren aurkako kontzeptua.
-Konbinatzailea era: ikasleei maila bereko kontzeptuak irakastea.
-Errepresentatzailea: ikaskuntza hitzezkoa eta sinbolikoa izatea haurra egozentrismoaren etapan dagoenean.
-Kontzeptuala: haurra egozentrismo etapatik irten ostean, ikaskuntza hitzezkoa eta kontzeptuala izatea.
-Proposizionala: kognitibo maila altuagoa duenean, proposizio bidezko ikaskuntzak eskaintzea irakasleak.


Eskolaren antolamentuari dagokionez, esan beharra dago ez dagoela ikaslearen aurretiko ezagutzak kontuan hartzeko bideratua. Bertan Curriculumeko edukiak irakatsi behar dira, hauek ideia orokorrak identifikatzen laguntzeko.


Amaitzeko, teoria hauek irakaskuntza arloarekin zer-nolako lotura duen azalduko dugu. Ikasleei dagokienez, aktiboa izan behar du momentuoro eta honek, irakasleak azaldutakoa ulertu duela erakutsi. Honela ez izanez gero, irakasleak berriro azaldu beharko die ikasleei beraiek uler dezaten. Behin horrela izanik, ikasleak erakutsi dezake ulertu duela ideia eta hau izango da benetako ikaskuntza. Beraz, ahozko hizkuntza oso garrantzitsua eta funtsezko da Ikaskuntza Esanguratsua erraztu eta burutzerako orduan.

Besterik gabe, honekin bukatzen dugu gaurko lanketa.






martes, 1 de marzo de 2016

CURRICULUMAREN ZEHAZTAPEN MAILAK

Kaixo neska mutilak! Gaurkoan otsailaren 19an, ostiralean, Didaktika Orokorreko klasean hitz egin genuari buruz arituko naiz idazten. Bertan, eta ondorengo taulan agertzen den bezala, lau Curriculum maila ikusi eta aztertu genituen.


  Sarramona eta Acaso eta Nuere(2005)ren bi textuak irakurri ondoren, curriculumari buruzko informaizio gehiago izatera igaro naiz, Bigarren textuan, Curriculum ezkutu bisualari buruz hitz egiten digu eta bertan dioen bezala, honek zera esan nahi du, eskola batean inkontzienteki haurrek hainbat balore ikas ditzaten erabiltzen diren tramankuluak, besteak beste, uniformea, gelako dekorazioa, mahaien distribuzioa... guzti hauekin, eskolak lor dezake balore inkontziente baten transmizioa.
Sarramonaren textuan aldiz, Curriculumaren definizio, helburu eta zehaztapenei buruz hitz egiten digu. eta laburbilduz esango nuke, curriculuma helburu zehatz batzuk, metodologia eta ebaluatzeko era zehatz bat duen ikaskuntza-prozesu bat dela.

jueves, 18 de febrero de 2016

ESKOLAKO CURRICULUMA ALDATU OTE DA?

Gaurkoan Argazki Elarrizketari loturiko hausnarketa bat eskainiko dizuet. Aurrekoan gure haurtzaroko oroitzapenak kontatzen aritu nintzen bezala, gaur, oroitzapen haiei lotutako konparaketa bat eskainiko dizuet. Berdina ote da gaur egungo eta gure garaian eskainitako Curriculuma?
Teoriari lotuz, lau curriculum mota ikusi ditugu eta horiek modu zuzenean edo zeharka islatu ditugu gure 10 argazkiak komentatzerakoan.

Curriculum ezkutua: Curriculum ofizialetan agertzen ez diren harren, klasean ematen diren gaiak; hauek inplizituki egin daitezke eta ondorio positiboak eta negatiboak izan ditzazke.
Curriculum nuloa: onartua ez dagoena, eskolan lantzen ez diren gaiak, adibidez, sexu-harremanak, heriotza, zoriontasuna...
Curriculum erreala: Klasean lantzen diren gaiak, baita curriculumean agertu ere.
Curriculum formala edo ofiziala: adostua dagoen curriculuma.

Gaur egungo Curriculumari buruz irakurri eta informatu ondoren, ohar gaitezke ez dela gure garaian zegoenaren oso ezberdina. Curriculumaren atal batean ikaslearen nortasuna, ingurune fisiko eta sozialaren eraikuntza edo ezagutza eta autonomiari buruz hitz egiten digu besteak beste. Nire argazki elkarrizketan oinarrituz, esan dezaket gure nortasuna sortzen lagundu zigutela eredutzat genituen irakasle haiek. Irteerak egiten genituen egunetan, bai herri bertan bai kanpora joaten ginenean, aukera ematen zigutela gure ingurunea ezagutzeko eta autonomia lantzeko. Argazkietan esan nuen bezala, irteeratan geure kabuz bazkaldu eta motxila preparatzen ikasi genuen, nolabait esateko gauzak gure kabuz egiten ikasi genuen  

Nire argazki elkarrizketan eskolako ordutegiaz ez hitz egin arren, oroitzen naiz hasieran goizez bakarrik joaten nintzela, eta eskolara egokitzen joanez, arratsaldez ere klaseak izatera igaro nintzela. Gaur egungo Curriculumaren 13.artikuluak defendatzen duenarekin bat etorriz, atsedenaldi ezberdinak izaten genituen eta bertan zortzi ordu baino gutxiago igarotzen genituen.

Besteen blogak ere erreparatu ostean, esan dezaket eskolek eleaniztasuna bultzatzen dutela une oro, atzerriko hizkuntzak ikasten ditugu bertan, Haur Hezkuntzan gazteleraren eta ingeleraren eduki minimoak ikasten joaten gara, zenbakiak, animalien izenak… Gaur egun ere horrela dela ikus dezakegu, adibide gisa nire lengusinaren kasua jar dezaket, berak askotan hitz egiten dit ingeleseko irakasleari buruz eta bertan ikasten dituzten hitzei buruz.

Gurasoen parte hartzeari buruz hitz egitea ere oso garrantzitsua iruditzen zait. Gure lanaren parte da Haur Hezkuntzako garaian, ikasleen gurasoen parte hartzea bultzatzea. Harreman egokia egon behar da eskolaren, irakaslearen eta gurasoen artean, ikaslearen ikaskuntza proiektuari ahalik eta etekin handienak ateratzeko. Gaur egungo Curriculumaren parte da atal hori ere. Gure garaian adibidez, eta nire blogarekin lotuz, gurasoen parte hartzea inauterietako  mozorroak egiteko garaian ikusten genuen. Zerbait josi behar bazen edo mural bat egin, guraso guztiak saiatzen ziren elkarlanean aritzen eta gure mozorroak guztiz osatzen.

Konparaketatxo honekin amaitzeko, esan dezaket ez dela asko aldatu Curriculumaren egoera. LOMCE dela eta asko hitz egin da gobernuak bere interesen arabera aldatzen dituela Curriculumak, ikasleen benetako beharretara egokitu gabe. Nire iritziz ere hori hala da, baina, EAEn dugun pribilegioa dela eta, gure erara aldatu dezakegu % handi batean (Heziberri dekretua). Horregatik, eta gaur egungo Curriculumari buruz informatu ostean, esan dezaket ez dela erabat aldatu eta ideia eta proiektu askok berdinak izaten jarraitzen dutela, ikasleen beharretara egokituz.


lunes, 15 de febrero de 2016

ESALDIEN HAUSNARKETA

Kaixo! Gaurkoan nire blogean otsailak 12an klasean egindakoaren hausnarketatxo bat egitea tokatu zait. Saioan binaka esaldi bat irakurri eta hausnartu ostean, klase guztiarekin konpartitu genuen bakoitzak bere iritzia eman zezan. Ariketa burutzen ari ginela, ideia eta iritzi ezberdinak azaldu ziren, eta esaldi ezberdinen arteko lotura bat egiten saiatu ginen.

Niri egokitu zitzaidan esaldiak honela zioen: “ Educar a un niño no es hacerle aprender algo que no sabía, sino hacer de él alguien que no existia”. John Ruskin.
Esaldi hau irakurri ostean, ni eta nire bikotekidea guztiz desados agertu ginen. Gure ustez, maistra baten helburua ez da soilik haurrari gero eta jakintza gehiago ematea eta horrela beste haur berri bat sortzea, baizik eta, haur horren jakintza eta interes minimoetatik, hauek potentzializatuz, haurrak hainbat jakintza barneratzea.

Beste hainbat esaldi entzun genituen; besteak beste, “El maestro enseña más con lo que es que con lo que dice”.

Oso esaldi interesgarria iruditu zitzaidan eta horregatik erabaki dut hau komentatzea. Bertan dioen bezala, irakasle batek gehiago irakasten du bera dena izaten berak esaten duenagatik baino. Hau da, haurrak gehiago ikasiko du irakaslearen portaera eta izateko eragatik, berak teorikoki esaten dizkigun gauzengatik baino. Guztiz ados nago esaldi honekin, eta batez ere Haur Hezkuntzan. Umeek irakaslea imitatzen dute eta berak egiten duen guztia ondo behatzen dute, horrela ikasten dituzte hainbat balore eta portaera.

Hirugarren eta azken esaldi honekin bukatzea gustatuko litzaidake gaurkoan: "Aprender sin reflexionar es malgastar energía".
Irakasle bezala gure helburua oso ondo laburbiltzen duela iruditzen zait, hau da, ez ditugu haurren buruak teoriekin bete behar soilik, gure lana beraiek pentsatzen ikastea da. Beraien kabuz iritzi kritiko bat izaten irakatsi behar diegu, horrela, manipulatzeko zailagoak izatea lortuko baitugu. Nire iritziz, eta nire burua barne, gaur egungo gazteoi gertatzen zaigun arazo nagusia bakarrik gaudenean nola jokatu ez jakitea da, Lan bat egiteko askatasun osoa uzten digutenean, nondik hasi? Zer egin? Nola egin? galdera hauek  oso tipikoak izan ohi dira eta hori ekiditea da gure lanaren parte.

Beraz, hau guztia esanik, irakasleon lana baloratzekoa dela iruditzen zait eta umeen etorkizun hurbil batean garrantzi handia izango duena. Gogotsu arituz eta hainbat balore transmitituz haur hezitu eta libre bat egin dezakegula iruditzen zait.

ARGAZKI ELKARRIZKETA

Kaixo denoi!
Nire blogarekin hasteko, argazki elkarrizketa bat dakarkizuet, non nire  oroitzapen garrantzitsuenetako batzuk agertuko diren. Bertan Haur Hezkuntzan bizitako momentu batzuk agertuko dira eta nire irakasle izateko bokazioa nondik datorren azalduko dituzten hainbat arrazoi.
LEHENENGO ARGAZKIA:


Etxean zaharkiturik dauden album horietan begiratzean, txikitako argazkiekin topo egitean guztioi ateratzen zaigu irribarre txiki bat, nolakoak ginen, nortzuk ginen, zer egiten genuen… guzti horietan pentsatzen jarriz.
Argazki honen  3-4 urteko haurrak gara eta eskolako inauteri eguna ospatzen ari gara. Neskok iñudez jantziak gaude eta mutilak berriz artzainez.   Urtero bezala hainbat kantu eta dantza ikasi genituen egun honetarako eta guraso eta familiakoei erakusteko garaia zen.
Bertan agertzen diren haurrak gaur egun nire lagun oso onak izaten jarraitzen dute eta horregatik gustatzen zait argazkia. Itziar, irakaslea, eta bere laguntzailea ere oso garrantzitsuak izan ziren adin hartan, amak beti gogorarazten didan bezala. Badakit, pixka bat ikasi ondoren, adin txikia daukagunean irakasleak garrantzi handia izaten duela geure bizitzetan eta horrela dela frogatu nuen.
Nire etorkizun “hurbil” batean, horrelako irakaslea izatea gustatuko litzaidake, gertutasuna, segurtasuna, maitasuna, interesa… demostratzen duen irakasle bat.

BIGARREN ARGAZKIA


Oroitzen naiz hainbat irteera egin genituela Haur Hezkuntzan, argazki honetan eta ondorengo argazkian islatuko den moduan. Irteera horietan, ez ginen herritik irteten baina hala ere intentsitate eta irrika handiarekin bizitzen nuen egun hura.
Aurreko egunean motxila preparatuz, hamaiketakoa, bazkaria eta bestelako “bazparekoak” jartzen zizkidan amak. Herria ezagutzeko aukera erraza izaten zen eta parkean igarotzen genuen jolasean.
Irakaslearentzat ere gauzak errazago izateko, hainbat laguntzailerekin joaten ginen, haur bihurri ugariekin ez baita erraza izaten.
Nire ustez, irteerak lagunen arteko harremanetan laguntzen du, eta oso aberasgarria izan daiteke haurraren bizitzan. Nire kasuan, Zumaia ezagutzeko aukera eskaini zidatela iruditzen zait, eta nik ere hori bultzatuko dudala ziur daukat.

HIRUGARREN ARGAZKIA


Aurreko oroitzapenarekin jarraituz, irteeretara soka bati helduak joaten ginela oroitzen dut. Soka hark segurtasuna eskaintzen zigun, denok batera, elkarrekin iritsiko ginela helmugara.
Segurtasunaz gain, irakaslearen autoritatea markatzen zigun; ilararen aurrean irakaslea edo bere laguntzailea joaten zen guri bidean gidatzen eta hori zen segurtasuna erakusteko beste bide bat, hain zuzen ere.  
Autonomia hitza ere azpimarratu nahiko nuke irteerekin lotuta. Nork ez du pentsatu “helduagoa” dela gurasoengatik at bazkaldu ondoren? Etxera iritsi eta gurasoei kontatzen genien egun guztian zehar ikusi eta ikasitakoa eta dena jan genuela, bakarrik moldatu ginela… irteera baten osteko elkarrizketa izaten zen hura.
Nire etorkizunari lotuz, esan beharra daukat asko gustatuko litzaidakeela haurrekin horrelako esperientziaren bat bizitzea eta nire ezagutza, segurtasuna, eta mundua ezagutzeko beste hainbat irizpide ematea.
LAUGARREN ARGAZKIA

Hainbat gaitasun psikomotor garatzerako orduan lagundu zigun salto-gela, guztiengatik maitatua zen. Argazki hau hautatzearen zergatia imajinazioan, elkarri laguntzerako orduan… lagundu zidan gela haren oroitzapenen ondorio dela esan dezaket.
Denok dakigu zer nolako jostailuak, koltxonetak eta bestelakoak egoten diren horrelako geletan. Forma ezberdineko koltxonetak imajinazioan asko laguntzen digula iruditzen zait; etxe bat egiteko, denda bat egin eta bertan jolasteko, altura bat sortu eta salto egiteko… horregatik azpimarratu nahiko nuke irakaslearen paperean ere imajinazio ugari beharko dugula, gure haurrak egiten ari direna ondo ulertzeko.
Elkarri laguntzen ginen hainbat zailtasun gainditzerako orduan; elkarri animatuz txiri-bueltak emateko zailtasunak zituen haurrari beldurra gainditzen laguntzen genion.
Gela honetan irakasleak bezain garrantzi handia zuten nire ikaskideek eta hainbat beldur gainditzen lagundu zidaten. Gure lema nagusia minik ez hartu ez ematea zen eta askatasun ugari ematen zizkigun hark.
BOSGARREN ARGAZKIA

Askatasunaren onurak positibotzat joz, libre izateko aukera sentitzen genuen. Bertan igarotzen genuen ordutxoan aske ginen nahi genuenarekin jolastu, korrika egin, salto egin edota geure imajinazioa askatzeko.
Izerdia bota, irribarre egin eta negar ere egiten genuen gela barruan. Erori ostean altxatzen ikasi genuen. Oso gela interesgarria iruditzen zait Haur Hezkuntzako haurrentzat.
Geure burua esperimentatzeko gela oso egokia da, bakoitzak bere mugak eta bere ahalmenak ezagutzeko aukera ematen diguna.  
SEIGARREN ARGAZKIA

Zenbat eta zenbat marrazki egingo genituen gure haurtzaroan zehar… lehenengoak mezu zehatzi gabekoak, geroago zerbait esateko nahiarekin; helburua beti ondo pasatzea zelarik.
Haur guztiei gustatzen zaigu edozein unetan marrazki bat egitea eta ni ere horrelako haur bat nintzen. Amak bazekien asko gustatzen zitzaidala horrelako lanetan aritzea eta horregatik ditugu etxean gordeta maitasun haundiarekin.
Nire ustez, haur bati asko laguntzen dio marrazkiak egiten aritzea, bere espresioa hobetzen, sentimenduak azaltzen eta beste hainbat gauzetan laguntzen baitu. Askotan pentsatzen dugu eskolan marrazkiak egin eta egin aritzen garela soilik, baina azpimarratu beharra dago horrek atzetik progresio bat dauka haurrarengan.
Horrexegatik jarri dut marrazki hau nire blogean, hain zuzen ere, etorkizunean irakasle moduan, asko baloratu behar dugulako haurrek egiten duten esfortzua ahalik eta marrazki ederrena egiten.

ZAZPIGARREN ARGAZKIA

Zazpigarren argazki honetan eskolan inauteri egunean egiten genuen beste jaialdi batean gaude. Urtero ezberdin mozorrotzen ginen kantu eta dantza berriak ikasiz. Dena irrika handiarekin preparatzen genuen eta geun bertan oso urduri sentitzen ginen guztiok. Asteak lehenago hasten ginen guztia prestatzen.
Argazkian bertan agertzen den bezala irakasleak ere honetan parte hartzen zuen, berak ere gogotsu prestatzen zituen kantu eta mozorro guztiak.  Irakasleak izan nahi dugunontzat oso garrantzitsua iruditzen zait haurrekin beraiek egiten dutena gogotsu egitea umeak motibazio bat izan dezaten.
Amak beti esaten dit izugarri gustatzen zitzaidala egun hau, aurreko egunean familiako guztiei esaten niela niri ikustera joateko eta behin han ikusten nituenean lasaitasun osoarekin egiten nuela dantza.

ZORTZIGARREN ARGAZKIA

Lehen aipatu bezala asko gustatzen zitzaidan mozorrotzea eta hemen iñudez jantzia nago. Argazki hau aiton-amonen etxeetan ezarria dut koadro batean eta esango nuke horregatik gustatzen zaidala hainbeste, maite didatenen etxean oroitzapen gisa dagoelako.
Nire argazki hau publikatzearen arrazoi nagusia hori izan arren, aipatu beharra daukat eskolarekin lotzen dudala argazkia eta horregatik ere gustatzen zaidala.
Irakasle izateko bokazio handi hau txikitatik datorkidala azpimarratuz, esan dezaket nire ustez, eskolara hain gustura joatearen ondorioetako bat izan daitekeela. Izan ditut beste irakasle ez hain adeitsuak eta beste haurrek horrelakorik ez izatea gustatuko litzaidake, horregatik nire ametsa irakasle goxo bat izatea da eta haurrak eskolara irribarre handi batekin sartzea.

BEDERATZIGARREN ARGAZKIA

Geure txikitako mantala. Nork ez ditu oroitzapenak mantalarekin? Kolore eta marrazki ezberdinetako mantalak genituen gelakide bakoitzak, pertxeroan zintzilik izaten zirenak ostiral arte.
Ostirala iritsi bezain pronto etxera eramateko garaia heldu zela bagenekien, hainbeste gustatzen zitzaigun mantala garbitzeko. Ia beti jantzita ateratzen ginen, korrika, kantuan, ostirala heldu zela azpimarratuz.
Mantal batek arropa ez zikintzeaz gain, beste hainbat esanahi ere badituela iruditzen zait. Irakaslea eta bere laguntzailea ere mantalarekin joaten ziren beti. Orain mantal bat ikusten dudan bakoitzean goxotasuna transmititzen dit. Esan dezaket hori irakasleak ematen zigun maitasunaren ondorioetako bat dela.
Denok dakigu Haur Hezkuntzan irakaslearen papera beste adin guztietan baino garrantzitsuagoa dela, ia gure ama bezala ikusten dugu irakaslea, eta berak ere mantala janzteak hori islatzen zidan.

HAMARGARREN ARGAZKIA

Azken argazki hau Haur Hezkuntzako azken urteko irteera batekoa da. Nire bizitzan garrantzitsuenak izan diren gelakide eta baita lagunen argazkia. Nahiz eta orain lagun askoz ere gehiago izan eta horiek ere maite, guztiok oroitzen gara gure lehenengo aurrerapausoak konpartitu genituen pertsona haietaz. Elkarrekin bizipen eta ikaste infinitu bizi izan ditugu.  Askotan pentsatzen dut ni naizena beraiengatik ere banaizela.
Adin horretan eskola gure bigarren etxea bezala bihurtzen da, konfiantza oso dugu elkarrengan eta batez ere irakaslearengan. Argazkiko irakaslea inoiz ahaztuko ez dudan irakaslea da. Bereziki maite genuen irakaslea da eta oraindik ere kalean berarekin topo egiten dudanean irribarre handi bat marrazten zait aurpegian.
Ausartuko nintzateke esatera nire bokazioa hau horrelako irakasleak izateagatik datorrela, hau da, niretzat eredu gisa izan da. Berak transmititzen zidana transmititzea gustatuko litzaidake nire haurrei eta haurrak nirekin ni berarekin bezain gustura aritzea gelan.